Egunotan, Ikasingurune Komunitarioen Laborategiko lan – taldeak eta Francesco Tonuccik Haurren Hirien Sarea aurkeztu zuten.

UmHerri14 ondorioak

HERRIGUNE 2001etik hona Leioan garatzen ari den komunitate proiektua da. Leioako Udalak sustatutako proiektu honetan Solasgunek heziketa sortzailearen baldintzak komunitate eremura eramateko ikerketa egin eta praktikan jartzen du.

Gaur egun jakin badakigu pertsonen arteko ezberdintasunak onartzeak, ezarritako hazkuntzarako eredurik ez egoteak eta laguntzeko jarrera duten hezitzaileak egoteak  pertson(ar)en zein komunitatearen hazkuntza ahalbidetzen dutela, eta bakoitzaren gaitasun, beharrizan eta desioen arteko orekan egiten dutela.

Kale ekintza Frato

Azken hamabi urteotan hiriaren eraldatzeari bideratuta garatu diren proposamen eta jarduerak honako parametroen arabera egin dira, besteak beste: umetasuna, gobernatzea, partehartzea, espazio komuna berreskuratzea, ezagutza eraikitzea, harremanak eta elkarbizitza, talde-proiektuen kudeaketa partekatua…

2005etik aurrera hasi ginen Francesco Tonucciren esperientziatik ikasten, Elkar Hazi (Leioako umeen eta zinegotzien arteko harremanak sustatzeko proiektua) eta Umeen Kontseilua (Leioako alkatetzaren kontsultarako haur-lantaldea) abiatzerakoan.

frato1

FRANCESCO TONUCCI italiar pentsalari eta pedagogoa da, haurren pentsamoldeari eta beharrizanei buruzko interes eta ezagutza handia duena. Francescok urteak daramatza haurrek dituzten hazteko aukeren gainean kezkatuta, eta politikari, udal-kudeatzaile, hezitzaile eta familiak “haurrak jakin badakiela” uste osoaz kutsatuz.

La Città dei Bambini nazioarteko egitasmoa koordinatzen du Antonella Prisco eta Daniela Renzirekin batera Erromako CNRn.

LA CITTA DEI BAMBINI proiektuak, laburbilduz, haurrek hirian zehar aritzeko autonomia berreskuratzeko eta tokiko gobernuan partehartzeko jarduerak proposatzen ditu. Proposamen hauek, haurrentzat ikasteko aukera izateaz gain, pertsona helduen begiradan aldaketa dakarte eta, ondorioz, gure hiriak haurrek bizitzeko moduko inguruak bilakatzeko eta guztion hazkuntzarako leku apropos  egiteko aukera.

2013an Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak ekainean ospatutako Gizarte Berrikuntzari buruzko jardunaldietan Herrigune proiektua aurkeztu zuen esperientzia eskalagarri eta praktika onuragarri gisan. Testuinguru honetan, komunitatea ikas ingurune gisan lantzeko proposamenak babestu, ikertu eta garatzeko Laborategia  eraikitzeko lantaldea osatzen da. Innobasque, Solasgune, Leioako Udala eta Unibertsitateko Irakasle Eskola elkartu ginen eta ondoren batu ziren ere: Berritzegunea-Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Berrikuntzarako Saila, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza eta Kultura Sailak.

Dibu Laboratorio

IKAS-INGURUNE KOMUNITARIOEN LABORATEGIAk lehen lan ildo batzuk marrazten ditu (esperientziak topatzeko, elkarlan eta ikerketa espazioak sortzeko, formakuntza eta ezagutza eraikitzeko uneak eskaintzeko, proiektu eta ezagutzen hedakuntzarako e.a.) eta bere helburuen artean hartzen du, hurrengo hilabeteetarako, Haurren Hirien Sarea sortu eta koordinatzeko Francesco Tonuccik egindako proposamena.

HAURREN HIRIEN SAREA, Red Latinoamericana de Ciudad de los niños de Santa Fe delakoaren antzeko ekimena da. Gure inguruan La Città dei Bambini proiektuaren parametroen baitako proiektuak garatzen ari diren edo lan egin nahi duten komunitateen sarea izan nahi du. Hiritarren hazkuntza eta garapen kolektiboa lortze bidean eredu propio bat eraikitzeko asmoa duten komunitate horien proposamenak babestu eta hedatzea ahalbidetuko duen Sarea.

Eta hala iristen gara #UMHERRI14 -ra. Elkarrekin errazago delako… Zenbat eta komunitate gehiago elkartu eta konfiantza osoan elkarbizi eta elkar begiratu errazagoa izango baita elkar kutsatzen eta hazten jarraitzea; gure ikasteko gaitasunarekiko konfiantza, gure hazteko beharrarekiko konfiantza, eta elkarrekin egiteko dugun desioarekiko konfiantza. Edo alderantziz!

Eta horregatik ere Haurren Hirien Sarea eta Laborategiaren aldeko apustu hau; Komunitatea Ikas Ingurune gisan gure “kausa” handi bat delako, lanean jarraitzeko gogoa ematen diguten horietako bat. Eta pertsonengandik ikasi egiten dugulako, eta Francescorekin gusto ematen duelako.